fraternidad.com
Urgencias: 900269269
Itzuli

MERKATARITZA ETA ZERBITZU JAKIN BATZUK LIBERALIZATZEKO PREMIAZKO NEURRIAK

31/05/2012, Fraternidad-Muprespa, Bazkideekiko Harremanetarako eta Komunikaziorako Departamentua

Joan den maiatzaren 25ean BOEn argitaratu zen merkataritza eta zerbitzu jakin batzuk liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko 19/2012 Errege Lege Dekretua, eta maiatzaren 26an, larunbatean, jarri zen indarrean.

Fraternidad-Muprespan interesgarria iruditu zaigu sintesi bat egitea joan den maiatzaren 26an indarrean jarri zen arau horren alderdi aipagarrienekin.

Ezin da lizentzia baldintzatzat jarri

  1. Merkataritza-jarduerak eta zerbitzuak hasteko eta garatzeko, administrazioek edo sektore publikoko erakundeek ezin izango dute baldintzatzat jarri instalazioari, funtzionamenduari edo jarduerari loturiko aurretiko lizentzia lortzea, ezta garatuko den merkataritza-jarduera gauzatzea edo dagokion establezimendua irekitzeko aukera bera aurretiko baimentzearekin lotzen duen bestelako baimen antzeko edo berdintsurik lortzea ere.
  2. Merkataritza-jardueren eta zerbitzuen titulartasun aldaketak egiteko ere ez da lizentziarik behar. Kasu horietan, aurrez administrazio eskudunari jakinaraztea eskatu ahal izango da, jakinaren gainean egon dadin.
  3. Ezin izango da lokalak egokitzeko lanak egiteko aurretiko lizentzia edo baimenik eskatu merkataritza-jarduera gauzatzeko, eraikuntzaren antolakuntzari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen arabera obra proiektu bat idaztea beharrezkoa ez denean.
  4. Lizentzia baldintza gisa ez eskatzeak ez die indarreko araudiaren arabera beharrezkoak diren eraikuntza-lanei eragingo; lan horiek dagokien araudiak arautuko ditu aurretiko lizentzia, baldintza orokorrak eta emateko gaitasuna eskatzeari dagokienez.

Erantzukizunezko adierazpena edo aurretiko jakinarazpena

  1. Aurrez azaldutakoaren arabera eska ezin daitezkeen aurretiko lizentzien ordez, erantzukizunezko adierazpenak edo aurretiko jakinarazpenak egin beharko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.bis artikuluan indarreko araudian ezarritako lege aurreikuspenak betetzeari buruz ezarritakoarekin bat etorriz. Nolanahi ere, adierazpen-egileak dagokion zerga ordaindu izanaren egiaztagiria eduki behar du, nahitaezkoa denean.
  2. Erantzukizunezko adierazpenak edo aurretiko jakinarazpenak argi eta garbi adierazi behar du indarreko araudiak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, baita proiektua edukitzea ere, eraikuntzaren antolakuntzari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean ezarritakoaren arabera egin beharreko lanetarako beharrezkoa denean.
  3. Aurreko atalean aipaturiko proiektuek indarreko araudiaren arabera eskudunak diren teknikariek sinatuta egon behar dute.
  4. Jarduera berari edo jarduera horretarako erabiltzen den lokal berari loturiko jarduerak egin behar direnean, erantzukizunezko adierazpenak edo aurretiko jakinarazpenak batera izapidetuko dira.

Kontrol erregimen orokorrari lotzea

  1. Erantzukizunezko adierazpena edo aurretiko jakinarazpena aurkezteak, une horretatik aurrera merkataritza-jarduera gauzatzeko gaitzea ondorio dela, ez du inolaz ere aurretik juzgatuko establezimenduaren baldintzen egoera eta araudi aplikagarrirako egokitzapena, eta ez du mugatuko estatuko, erkidegoko edo tokiko edozein ordenatako administrazioei kasu bakoitzean aplikagarri den ordenamendu sektorialak emandako administrazio, egiaztapen, ikuskapen, zehapen eta, oro har, kontrol ahalmenen erabilera.

Erakunde laguntzaileak gaitzea

  1. Erantzukizunezko adierazpenean edo aurretiko jakinarazpenean aipaturiko baldintza eta inguruabarrak egiaztatzeko jarduera gauzatzeko, tokiko korporazio eskudunek legez egiaztatutako balorazio-erakundeen laguntza pribatura jo ahal izango dute, eta horien bidez kudeatu ahal izango dute egiaztapen-jarduera osoa edo haren zati bat. Erakunde horiek lehia-erregimenean jardungo dute. Nolanahi ere, interesdunek, beren erantzukizunezko adierazpenetan edo aurretiko jakinarazpenetan adierazitako baldintzak baloratzearen ondorioetarako, askatasunez erabili ahal izango dituzte, edo ez, erakunde horien zerbitzuak, baina horrek ez du tratamendu bereizirik ekarriko jakinarazpenaren hartzaile den administrazio eskudunaren aldetik.

Aurrez eginiko lizentzia eskaerak

  1. Indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak, aurreko araudiaren arabera beharrezkoak ziren lizentzia edo baimenak lortzea helburutzat dutenak, eskaera aurkezten denean indarrean dagoen araudiaren arabera izapidetu eta ebatziko dira.
  2. Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, interesdunak, ebazpenaren aurretik, bere eskaeran atzera egin ahal izango du eta, era horretan, aplikagarri den araudi berria aplikatzearen alde egin ahal izango du.



19/2012 ERREGE LEGE DEKRETUA.

"Zure Mutualitatea - Kalitatea eta Zerbitzua, urteko 365 egunetan"
Atari klasikoa
MCSS nº 275 - © Fraternidad-Muprespa 2016