Mutualitateen zuzendari kudeatzailea

Mutualitatearen zuzendaritza exekutiboa gauzatzen duen organoa da, eta erakundearen helburu nagusiak betetzea eta ohiko zuzendaritza egikaritzea dagozkio; hala ere, kasuan-kasuan, Zuzendaritza Batzordeak eta lehendakariak emandako irizpideen eta jarraibideen arabera jokatu beharko du.

Zuzendari kudeatzaileak goi-zuzendaritzako langileen lan-harreman bereziak arautzen dituen abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuak araututako goi-zuzendaritzako kontratua izango du. Zuzendaritza Batzordeak izendatuko du zuzendari kudeatzailea; edozelan ere, izendapena eta lan-kontratua eraginkor izan daitezen, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren berrespena beharko da.

Ezin izango dira zuzendari kudeatzaile izan Administrazio Kontseiluko kide diren edo Mutualitatearekin elkartutako edozein enpresatan ordaindutako jardueraren batean ari diren pertsonak, baldin eta enpresa horietako kapital sozialaren ehuneko 10eko edo gehiagoko partaidetzaren titular badira edota titulartasuna haien ezkontideari edo seme-alabei badagokie. Era berean, zehapen-espediente baten indarrez beren funtzioak etenda dituzten pertsonak ere ezingo dira zuzendari kudeatzaile izendatu, harik eta etenaldia iraungi arte.

Exekuzio-funtzioak betetzen dituzten gainerako langileak zuzendari kudeatzailearen mende egongo dira, goi-zuzendaritzako kontratuak izango dituzte eta haiek ere zuzendari kudeatzailetzat aurreikusitako bateraezintasun-araubidearen eta mugen pean egongo dira.

Ikusi 35/2014 Legearen 71.4. artikulua