
<b>ALDI BATERAKO EZINTASUNAGATIKO PROZESUAK KUDEATZEKO ETA KONTROLATZEKO 7 GAKOAK</b>
2015eko abenduaren 1az geroztik, indarrean dago ESS/1187/2015 Agindua, ekainaren 15ekoa. Horren bitartez, aldi baterako ezintasunagatiko prozesuen lehen 365 egunak kudeatzeko eta kontrolatzeko zenbait alderdi arautzen dira, jarraian aipatzen diren nobedadeekin.
Baja-/Alta-agirien eredu berri hauek 2015eko abenduaren 1az geroztik daude indarrean. Aldi baterako ezintasunagatiko prozesuen kasuan erabiliko dira, baldin eta agindu hau indarrean sartu zen egunean jada izapidetzen ari baziren, eta prozesuak dagoeneko 365 egun baino gehiago iraun ez baditu.
1. Aldi baterako ezintasunagatiko prozesu-motak, aurreikusitako iraupenaren arabera.
- Oso laburra: bost egun natural baino gutxiago.
- Laburra: 5 eta 30 egun natural bitartean.
- Ertaina: 31 eta 60 egun natural bitartean.
- Luzea: 61 egun natural edo gehiago.
Neurri honekin, kontsulten arteko segimendu-kadentzia arrazionalizatu nahi da. Modu horretan, lehen mailako arretarako medikuek ez dute gehiegizko lanik izango hitzordu “burokratikoen” erruz. Halaber, enpresei egiazko informazioa emango zaie prozesuaren aurreikusitako iraupenaren inguruan.
Baja-agiria eta berrespen-agiria igortzen dituen medikuaren ardura da prozesuaren iraupena zein izango den aurreikustea eta jakinaraztea. Horretarako, prozesu bakoitzaren iraupen egokia biltzen duten taulak erabiliko dituzte, eta beste taula batzuk ezintasunak lan-jarduera bakoitzean duen eragin-maila zehazteko.
Prozesuaren aurreikusitako iraupena edozein dela ere, medikuak alta-agiria igorriko du (gaixoa sendatu delako edo hobeto dagoenez ohiko lana egin dezakeelako) bere iritziz langileak lan egiteko gaitasuna berreskuratu duenean; edo ezintasun iraunkorra dagoenean; edota amatasun egoera hasten denean.
2. Medikuaren baja-agiri eta berrespen-agiri motak.
Aldi baterako ezintasunagatiko baja-agiria, horretarako abiapuntua edozein kontingentzia (arrunta edo lanekoa) izanda ere, Osasun Zerbitzu Publikoko edo Mutualitateko medikuak igorriko du, langilearen azterketa egin bezain laster. Bajaren aurreikusitako iraupenaren arabera:
- Oso laburra: langilea ez da aste bat igarotzean itzuli behar, orain arte gertatzen zen bezala; izan ere, medikuak une berean igortzen ditu baja- eta alta-agiriak, baldin eta bost egun natural baino gutxiagoko epea bada.
- Laburra: lehen berrespen-agiria 7 egun igarotzean igorriko da, eta hurrengoak 2 astean behin. 5 egun baino gehiagoko bajak direnean, langilea azterketa berria egitera noiz itzuli behar den adierazi beharko da.
- Ertaina: lehen agiria astebete igarotzean igorriko da, eta hurrengoak 28 egunean behin.
- Luzea: lehen agiria 14 egun igarotzean eguneratuko da, eta hurrengoak 35 egunean behin.
Baja urtebete baino gehiagokoa bada, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak kudeatuko du zuzenean.
3. Okupazioen Kode Nazionala (CNO) eta lanpostuaren deskribapena.
Langileak bere ohiko zereginak egiteko duen gaitasuna zehaztasun handiagoz erabaki ahal izateko medikuak behar duen informazio garrantzitsua eta, horren arabera, aldi baterako ezintasunagatiko prozedura abiarazi behar den edo osasun-laguntza ematearekin nahikoa den.
Enpresek, agiriak jaso dituztenean, langilearen kotizazio-datuak jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Segurantzari, dagokion oinarri arautzailea kalkulatze aldera. Halaber, Okupazioen Kode Nazionalaren gakoa eta mediku-prozesua identifikatzeko datuak jakinarazi beharko dizkiote.
4. Medikuaren agiriak izapidetzeko arau komunak.
- Langileak derrigorrez entregatu behar ditu enpresan baja-agirien kopia eta horien berrespena, 3 eguneko epean haiek igortzen diren egunetik aurrera. Alta-agiria igorri eta 24 orduko epean entregatu behar du enpresan.
- Enpresak, langileak entregatu dion alta- baja- edo berrespen-agiria entregatu behar dio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari RED sistemaren bitartez, dagozkion atalak bete ondoren. Agiria jaso eta berehala entregatu beharko du, gehienez ere hura jaso eta 3 egun balioduneko epean.
5. Gaixoberritzearen kasuan, hasierako prozeduraren baja-data.
Informazio berri honi esker, gizarte-aseguruen likidazioetan, ordainketa eskuordetuaren murrizketen kalkulua asko erraztuko da, medikuaren baja aurrez gertatutako prozesu baten gaixoberritzeagatik ematen denean.
Data berri hori gehitzean, enpresentzako eta gestorientzako errazagoa izango da gizarte-aseguruen likidazioetan ordainketa eskuordetuaren murrizketak kalkulatzea; eta, horrez gain, erakunde kudeatzaileek eta Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileek hobeto kontrolatuko dute horien gehienezko iraupena, izan ere, data horren arabera antolatu ahal izango dira.
6. Medikuaren altaren arrazoiak.
Medikuaren alta jasotzeko arrazoiak eguneratu dira. “Sendatzea” eta “Hobetzea”arrazoi bakar batean bateratu dira. Alta emateko arrazoi zehatza gehitu da amatasun-egoera hasten den kasuetarako, eta ikuskaritzaren ondoriozko alta kendu egin da.
7. Prestazioa kentzeari buruzko informazioa.
"Zure Mutualitatea - Kalitatea eta Zerbitzua, urteko 365 egunetan"