Sede social de Fraternidad-Muprespa 90 aniversario

Fraternidad-Mupresparen 90. urteurrena 1929 ~ 2019

Fraternidad-Muprespa osatzen dugunontzat, balioen, leialtasunaren, iraunkortasunaren eta zuzentasunaren adierazle da 90 urte betetzea. Uste osoa dugu konfiantzan oinarritutako harremanetan, eta lehen eguneko ilusioari eta freskotasunari eusten saiatzen gara. Hori dela eta, gure ondoan dauden, egon diren eta egongo diren mutualista, autonomo atxiki, langile babestu, aholkulari eta langile ororekin ospatu nahi dugu urteurren garrantzitsu hau.

1929an hasi zen lanean La Fraternidad . 2019an, 90 urte beteko ditu Fraternidad-Muprespak, berrikuntza teknologikoa oinarri duen antolakuntza sendoaren ondorioz. Eredu horrek, eta batez ere giza taldearen bikaintasunak eta profesionaltasunak, aukera eman digute urtez urte garai berrietara egokitzeko; horretan lagungarri izan da, halaber, urteotan gugan konfiantza jarri duten enpresen zintzotasuna. Horregatik, bidaia luze honetan lagun izan ditugun guztiei eskerrak emateko ere balio digu urteurrenak. Espero dugu bidaiak luze jotzea.

“Konpromisoa, hurbiltasuna eta fraternitatea” izango da 2019ko goiburua, milioika ekintzaren bitartez (besteak beste, pertsonak zaintzea, gure enpresei laguntzea eta aholkularitzekin elkarlanean aritzea) urte luzeotan lortu nahi izan duguna ederki islatzen baitute hiru balio horiek.

Konpromisoa, hurbiltasuna eta fraternitatea

Fraternidad-Mupresparen 90. urteurrenaren logotipoa


Irmo eutsi diogu beti Gizarte Erantzukizun Korporatiboarekiko konpromisoari. Hala bada, Autismo Burgos fundazioak egin du urteurren honetako logoa, zeinarekin lankidetza-harreman hertsia baitugu duela urte asko. Autismo Burgos fundazioaren eguneko zentroko pintura-tailerraren parte-hartzaileek egin dute logotipoa.

Esanahia:

  • Konfiantzazko sentipena sorraraztea xede duen irudi didaktikoa. Kolore anitzeko gurutzeak, medikuntzaren espezialitate anitzak irudikatze aldera.
  • Koloretako begiztak, Mutualitatearen, lanbide ezberdinen eta lan-sozietatearen arteko harreman zuzenaren isla.
  • Irudi DIDAKTIKOA, zeinak irria eragiten duen. Ikus-efektu baikorra eta dinamikoa, ERAGINKORTASUNAREN zantzu.

Haiengandik aipatzekoa da bbmiradas programa. Programaren helburua da gizarte- eta komunikazio-garapenean alerta-adierazleak dituzten haurrak goiz hauteman eta esku hartzea; horretarako, begizko jarraipena aztertzen da, diagnosi-adierazle goiztiarra baita. Burgosen ezarri da programa, eta aitzindari da Europa osoan.

Fundazioak 35 urte beteko ditu 2019an. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonen senideek sustatua. Ekimenaren xedeak dira pertsona horien bizi-kalitatea hobetzea eta haien eskubideak zein beren senideenak behar bezala erabil ditzaten sustatzea.

Gure historiaren zertzelada batzuk

1929an, Escolástico Zaldívarrek La Fraternidad  sortu zuen. Bilboko haren etxea izan zen erakundearen lehen egoitza. Ez da ausazkoa, beraz, izen hori aukeratu izana, bat baitzetorren egin nahi zuen lanarekin.

Deituraren harira, bada pasadizo bat. Bartzelonako ordezkaritza ireki zenean, aurretik igaro omen zen Salvador Dalí; sozietatearen bereizgarria ikustean, asegurua kontratatzea erabaki ei zuen artistak, izena gustatu baitzitzaion.

1992ko otsailean, INI taldeko enpresekin lan egiten hasi zen Muprespa, Miguel Cuenca presidente zela. 1995eko abenduaren 30ean, Mupag-Previsión xurgatu zuen Muprespak; horrenbestez, Muprespa-Mupag-Previsión izena hartu zuen erakundeak.

1998ko abenduaren 31n, azkeneko aldiz fusionatu zen Fraternidad, Muprespa-Mupag-Previsión izenekoarekin. Erakunde biek askotariko xurgapenak eta bat-egiteak izan zituzten beren bizitzan zehar, eta, guztira, 23 erakunderen ezagutza eta trebezia batu zituzten. 

Enpresariek lan-arriskuak aseguratu eta edozein lan-istripuren ondoriozko kontingentziak prebenitu nahi zituzten. Kezka horri erantzuteko, hain zuzen ere, sortu zen laneko istripuen mutualitatea. Urteak joan eta urteak etorri, 90 urteren buruan hori da oraindik ere gure ardura nagusia.

Fraternidad-Mupresparen sorrera eta hastapenak beste mutualitate batzuenak bezalakoak dira; hala eta guztiz ere, eskarmenturik handienetakoa du gure erakundeak sektorean, eta eredua da Espainiako mutualismoan.

90. urteurrena

Fraternidad-Mupresparen 90. urteurrenak pentsarazi digu bizitza-luzerak zerikusi handia duela Mutualitatearen arrakastarekin eta trebeziarekin. Gure aburuz, hortaz, aukera paregabea da:

  • Gure talde interesdunekin harremanak sendotzeko.
  • Hazkunde jasangarriko etorkizunerantz aurrera egiteko, enpresa eta giza talde gisa.
  • Gure balio nagusiak indartzeko: kalitatea, hurbiltasuna eta konfiantza.
  • Motibazioa eta Fraternidad-Mupresparen zati izatearen sentipena azaleratzeko.

Hitz batez, gure lana ondo egiten jarraitu eta bezero guztiak zaintzeko, urte gehiago betetzearren.